Aste honetan jarriko dira martxan Ludoteka eta Gaztelekua

 

Orioko Ludotekak eta Gaztelekuak aste honetan abiatuko dute ikasturte berriko programa. Ludotekan izena emateko epea atzo, irailak 12, zabaldu zuten, eta modu presentzialean egin beharko da, Ludotekan bertan. Taldeak osatzeko orduan, izen-emate ordena errespetatuko da.

Orain arte bezala, Txurrumuski Aisialdi Elkartea arduratuko da Ludotekako eta Gaztelekuko zerbitzuak eskaintzeaz. Irailean ate irekiak egingo dituzte Ludotekan, eta zerbitzuaren inguruan informazioa eskatzeko aukera izango da bertan.

Ludotekaren funtzionamendua

Ohi bezala, Ludotekan bi talde bereiziko dira: astearte/ostegunetako taldea, eta asteazken/ostiraletakoa. Orotara, 5-9 urte arteko (HH5-LH3) 35 haurrentzako lekua izango da, baina lekuak beteko balira, aforoa zabaltzeko aukera aurreikusi da.

Izena emateko orduan, taldeetako bat aukeratu beharko da. Astelehenak, aldiz, txandakatzen joango dira, egutegian adierazitako koloreak errespetatuz, eta izaera askea izango dute, ekintzarik gabe.

Aurtengo berrikuntza nagusia, ekintzen ordutegiari lotutakoa izango da. Ordua bateratu egingo da, eta ondorioz, sarrera-irteeren ordutegia malgua izango da:

  • 16:45-18:00 Sarrera malgua: Haurrak pixkanaka gerturatuko dira eta bertako materialarekin eta beren artean jolastuko dira.
  • 18:00-19:00 Programatutako ekintza.
  • 19:00-19:30 Gurasoak gerturatu ahala, haurra agurtuko da.