Aterpe klimatikoan landatu diren zuhaixkak zaintzeko dei egiten du Udalak

Orioko Udalak aterpe klimatikoa martxan jartzeko landaketak egin zituen abendu hasieran, Naturklima Fundazioaren laguntzarekin eta Herrio natur-taldearen aholkularitzarekin. Guztira 400 zuhaixka gazte landatu ziren kirol-portuaren alboko zelaian, 2 hektarea inguruko eremuan, eta Udalak jakin duenez, gutxienez bi zuhaixka lapurtu dituzte azken egunetan.

Aterpe klimatikoaren helburua bikoitza da: alde batetik, herritarrentzako erabilgarria izango den gune berde bat sortu nahi da eremu horretan, bero boladetatik babesteko. Bestetik, klima aldaketari aurre egiteko neurria da, eta tokiko espezieekin hornituko da ingurua, bertako ekosistemak sustatzeko.

Horregatik, oriotarrei mezua helarazi nahi die Udalak, erantzukizunez jokatzeko. Herria eta herritarren bizi kalitatea hobetzea helburu duten proiektuak errespetatzeko dei egiten die, herria zaintzea guztion ardura baita.

Zuhaixka gazteak eskuratu nahi dituzten herritarrek aukera dute Udalarekin harremanetan jartzeko. Eta gainera, Herrio natur-taldeak doan banatuko ditu larunbat honetan, abenduak 20, tirolinako parkean. Gerturatu eta eskuratu zurea!