Berdintasun-plana herritarrekin lantzen hasteko lehen saioa izango da martxoaren 1ean

Ahalduntze Eskolaren ekimenez, Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako II. diagnostikoa aurkeztu zuen azaroan Udalak eta, aurten, berdintasunerako ekintza-plana lantzea du helburu. Lanketa horren barruan, martxoaren 1ean, asteartearekin, egingo dute lehen saio irekia, plana herritarrekin lantzen hasteko. Saioa 18:00etan izango da, kultur etxean.

Urte amaieran aurkeztutako diagnosiak Orioko Udalaren eta herriko emakumeen eta gizonen 2021eko errealitatea aztertzen du, berdintasunaren ikuspegitik. Herriaren argazkia erakusten du, eta errealitate hori eraldatzeko jarraibideak eskaintzen ditu, herritarren bizi-baldintzak hobetzeko eta aukera-berdintasuna bermatzera zuzendutako politikak sustatzeko.

Diagnosiaren helburua Berdintasunerako II. Udal Plana egiteko oinarriak jartzea zen, eta horri ekingo dio orain Udalak, Ahalduntze Eskolaren bitartez. Ahalduntze Eskolak dei egin die herritarrei astearteko bilerara azaltzera eta prozesuan parte hartzera.