Berdintasunari buruzko galdetegia betetzeko epea luzatu du Udalak

Orioko Udalak emakume eta gizonen arteko berdintasun-plana idatzi nahi du aurten eta, horren barruan, galdetegi bat prestatu du, herritarren iritziak jasotzeko:

https://labur.eus/Orio2021

Atzo zen azken eguna galdetegiari erantzuteko; baina epea astebetez luzatzea erabaki du Udalak, erantzun gehiago jaso ahal izateko. Galdetegiari erantzuteko azken-azken eguna irailaren 22a izango da, beraz.

Galdetegia betetzeko, minutu gutxi batzuk behar dira, eta guztiz anonimoa da.

Berdintasun-plana Kalaka aholkularitza-enpresaren laguntzarekin ari da prestatzen Udala.

Zer da berdintasun-plan bat?

Berdintasun-plana neurri-sorta bat da, bermatzen duena emakumeek eta gizonek aukera berak dituztela alor guztietan. Neurri-sorta hori bezain inportantea da, ordea, berdintasun-plana osatzeko prozesua. Prozesuan prestakuntza-saioak, lansaioak eta bilerak antolatzen dira, berdintasunerako bidean ezinbestekoak diren gaiak lantzeko: soldata arrakala, bereizketa bertikala eta horizontala, sustapenerako aukerak, beirazko sabaia, indarkeria, jazarpen sexistak, eta abar. Berdintasunean bizi garela uste dugu maiz, baina, gaian pixka bat sakontzen hasi orduko, berehala ohartzen gara oraindik asko dugula egiteko.