Bizikletak lotzeko gune berria jarri du Udalak, Bizkarreneko etxearen atzean

Udala Herriko Plazaren inguruan egiten ari den aldaketaren barruan, bizikletak lotzeko gune berria jarri du, Bizkarreneko etxean, Bordatxo tabernaren atzealdean. Guztira, 20 bat bizikleta lotzeko aukera ematen du gune berriak.

Udaletxe atzeko bizikleta-gunea beteta egoten da askotan eta horregatik erabaki du Udalak beste gune bat jartzea, herritarrei erraztasunak emateko eta bizikletaren erabilera bultzatzeko.

Oinezkoen eta bizikletazaleen arteko elkarbizitza

Plazara bizikletaz joan nahi duenak aukera gehiago du orain inguruan bizikleta lotuta uzteko. Hori nahitaezkoa da, oinezkoen eta bizikletazaleen arteko elkarbizitza hobetu nahi bada.

Herriko Plaza oinezkoen eremua da gaur egun, eta eremu horretan galarazita dago bizikletan ibiltzea. Laster jarriko ditu Udalak hori adierazten duten seinaleak. Inguru horretatik bizikletan pasatu nahi duenak bi aukera ditu: plaza bizikleta eskuan duela gurutzatzea edo, bestela, errepidetik joatea, tarte horretan bizikletek lehentasuna daukate-eta.

Espazio berri bat sortu da herrian eta, pixkanaka, bizikidetza-arauak adostu beharko dira erabiltzaile guztien artean.