Bizikleten gaiari konponbidea eman nahi dio Udalak

 

Uztailaren 3an argitaratutako oharrean azaldu bezala, Udaltzainen gordailuan pilatutako bizikletei irtenbidea emateko hitzarmena sinatu du Udalak Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundearekin. Horri esker, 30 bat ibilgailu bidali dira erakundeak Iruñean duen egoitzara, eta beharrean dauden herritarrei eskaini zaizkie.

Hitzarmen honen harira, hainbat herritarren kexak jaso ditu Udalak, ibilgailu horiek oriotarren artean banatzeko eskaera eginez. Legediak, ordea, ez du halakorik baimentzen: Udalak, instituzio publiko gisa, ezin dizkie ondasunak herritarrei zuzenean eman, eta ezinbestekoa da horretarako gaitasuna duen bitartekari baten bidez egitea. Herrian ez dago zerbitzu hori eskaintzen duen erakunderik, eta kontsultatutakoen artean, Ayuda Contenedores da Udalaren beharrei egokien erantzuten diena; horregatik egin da hitzarmena harekin.

Dena den, bizikletei lotuta herrian dagoen arazoaren berri du Udalak, eta gaiari konponbide orokorrago bat emateko lanketa abiatu nahi du datozen hiletan. Aukeretako bat da herriko bizikleten errolda bat osatzea, lapurreten aurrean, bizikleten jarraipena eta haiek berreskuratzeko prozedura errazteko.