Uztailean Lagunak erreskatera! filmaren emanaldia izan zen hondartzako berdegunean, eta datorren asteartean, abuztuak 19, Buffalo Kids animaziozko filma emango da leku eta ordu berean, 22:00etatik aurrera.
Zinemetan iaz estreinatu zen Tom, Mary eta Nick neska-mutikoen abenturak hizpide dituen filma. Jordi Gasull eta Javier Barreirak zuzendutako ekoizpena XIX.mendearen amaierako AEBetan kokatzen da, eta New Yorketik Mendebalde Basatira bidaia egingo duten polizoi gazteen istorioa kontatzen du. Tom eta Mary neba-arreba umezurtzak osabarekin elkartzeko asmoz abiatuko dira bidaian, eta Nick ezagutuko dute, beren bizitzak betirako aldatuko dituen lagun berri eta aparta.
Adin guztietako herritarrei zuzendutako lana da, eta 83 minutuko iraupena du. Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez, euskaraz estreinatu zen filma gurean, eta Orion ere euskaraz emango da. Jarraian trailerra:
