Bukatu dira kiroldegiko instalazioak berritzeko lanak

 

Aldaketa nabarmenik ikusten ez bada ere, kiroldegiko instalazioetan aldaketa garrantzitsuak egin ditu Udalak azken hiletan, bereziki, klimatizazioan eta hezetasuna kentzeko sistemetan. Aldaketa horien bidez, igerilekuko hezetasunaren kontrola hobetu da eta sistema eraginkorragoak ezarri dira.

Helburu nagusia energia aurrezteko eta ekoizteko neurriak hartzea izan da, eta horretarako, besteak beste, aerotermia-sistema ezarri da, ur beroa ekoizteko. Booster edo tentsio-igogailu bat jarri da, hezetasuna kentzeko makinaren beroa aprobetxatzeko, eta, horrez gain, energia elektrikoa sortzeko 85KWko instalazioa jarri da igerilekuaren sabaian.

Neurri horien bidez, instalazioen erosotasuna hobetu eta energiaren kontsumoa gutxienez % 30 murriztuko du Udalak.

Egindako lanek 520.000 euroko kostua izan dute eta 275.000 euroko laguntza jaso du Udalak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak 215.000 euro jarri ditu eta Energiaren Euskal Erakundeak, berriz, 60.000 euro.