Egin ezazu aurtengo errenta-aitorpena euskaraz!

 

Urtero bezala, Orioko Udalak eta UEMAk kanpaina abiatu dute elkarlanean, oriotarrak errenta-aitorpena euskaraz egitera animatzeko. Martxoaren 29tik ekainaren 30era bitartean da aurtengo errenta-kanpaina Gipuzkoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bultzatzen du kanpaina eta «Ogasunarekin euskaraz» leloa gehitu die kanpainaren euskarri guztiei.

Udalak herritarrak animatu nahi ditu Ogasunarekin euskaraz egitera; eta, hartara, bide batez, administrazioaren euskalduntzea bultzatzeko. 

Errenta euskaraz egin nahi duenak oso erraza du:

  • Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan egiten baduzu, esan hango langileari aurrerantzean euskaraz nahi duzula eta berehala aldatuko dizu.
  • Interneteko Zergabidea plataforman egiten baduzu, zerorrek aldatu behar duzu: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
  • Gestorian egiten baduzu, eskatu gestoreari aldatu egin nahi duzula.
  • Azkenik, herritarren gehiengo handi batek autolikidazio-proposamena jasotzen du gaur egun. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esaten baduzu, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak, zuk besterik erabaki arte.

Urtez urte gehiago

Beheko taulan ikusi daitekeenez, oriotar gero eta gehiagok egiten du errenta-aitorpena euskaraz; baina, oraindik ere, gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak. Udalaren helburua da urtez urte datu horiek hobetzen joatea. 

Iazko kanpainan, esaterako, 957 oriotarrek egin zuen aitorpena euskaraz, inoiz baino gehiago (egindako guztien %29,7).