Herriko trafikoa antolatzen eta hobetzen laguntzeko asmoarekin, Aparkalekuen Ordenantza berria landu du Udalak azken hiletan, herriko eragileekin elkarlanean. Martxoko udalbatzarrean onartu zuten behin-betiko dokumentua, eta ekainaren 1ean jarriko da indarrean. Orio eta Aiako herritarrek etxean jasoko dute egun hauetan horren berri ematen duen eskuorria.
Aparkalekuen errotazioa eta erabilera ona bermatu nahi ditu Aparkalekuen Ordenantza berriak, eta gaur egungo sistemaren alderdi asko mantentzen baditu ere, aldaketa batzuk ere ekarriko ditu.
Aparkatzeko Udal Txartela
Orion erroldatutako ibilgailuek beti bezala jasoko dute txartela etxean. Txartelak ibilgailuaren matrikula izango du eta ezingo da eskualdatu, orain arte bezala. Doakoa izango da, eta bi urte naturaleko iraupena izango du (eta ez urtebetekoa, orain arte bezala). Aurtengoa, beraz, 2023 amaieran iraungiko da.
Orion erroldatuta ez dauden ibilgailu batzuen jabeek ere aukera izango dute Aparkatzeko Udal Txartela eskuratzeko: autoa alokairuan dutenek, enpresako ibilgailua duten herritarrek, Orion lan egiten duten langileek, Orion bigarren etxebizitza dutenek eta Aian erroldatutakoek. Horiek 80 euroan eskuratu ahal izango dute Aparkatzeko Udal Txartela, eta urte natural bateko iraupena izango du (aurtengoa, 2022ko abenduaren 31ra arte).
Eremuak
Aparkalekuen Ordenantza Berriak lau eremu bereizten ditu herrian, eta arauak finkatzen ditu horietan aparkatzeko.
Hauek dira eremuak:
- Bertakoentzako aparkalekuak, B ala R hizkiarekin zuriz margotutakoak. Anibarko Portuan, Estropalari-Bikamiotan, autopista azpiko ibilgailu luzeen aparkalekuan, Pelotari kalean eta alde zaharrean egongo dira, eta horietan mugarik gabe eta doan aparkatu ahal izango dute Aparkatzeko Udal Txartela dutenek.
- Errotazio handiko aparkalekua izango da, ostera, Moilakoa. Bertan, gehienez, 15 minutuz utzi ahal izango da ibilgailua, eta doakoa izango da denentzat.
- Egonaldi laburreko aparkalekuak izaera komertziala duten guneetan egongo dira, (Eusko Gudarien kalean, Arrantzale kalean, Abeslari kalean eta Ibai-ondo kalean), eta urdinez margotutako zatietan. Aparkaleku horietan tiketa jarri beharko dute ibilgailu guztiek, baita Aparkatzeko Udal Txartela dutenek ere. Lehen 30 minutuan doan izango dira eta, gehienez, ordu eta erdiz aparkatu ahal izango da (bertakoek, 0,50 euro eta kanpokoek euro bat ordainduta).
- Egonaldi luzeko aparkalekuak herriaren kanpoaldean egongo dira: hondartzan, Abaromendin, autopista azpian eta Munton. Urdinez margotutako zatietan, Aparkatzeko Udal Txartela ez dutenek soilik atera beharko dute tiketa, ordenantzan zehaztutako epe eta ordutegien arabera.
Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuak
Europako Aparkatzeko Txartela duten ibilgailuek orain arte bezala aparkatu beharko dute haientzat gordetako lekuetan. Eta horiek beteta badaude, gainerako lekuetan aparkatu ahal izango dute, betiere aparkalekuaren denbora-mugak errespetatuz.
Aparkalekuen Ordenantza berria hemen kontsultatu dezakezue.