Zabalik da Mintzalagun programan izena emateko epea

 

Urola Kostako AEK-k martxan jarri du 2022-2023 ikasturteko Mintzalagun Programa, eskualdean euskara praktikatu nahi duten guztientzat. Egitasmoa guztiz doakoa da eta astean ordubetez elkartzen ditu euskaraz dakiten pertsonak eta ikasten ari direnak, hizkuntza praktikatzeko.

Mintzalagun ekimena aukera ezin hobea da euskara praktikatu nahi dutenentzat. Aldi berean, oso egitasmo interesgarria da euskaraz lagun berriak egin edo euskara ikasten ari direnei lagundu nahi dieten herritarrentzat.

Mintzalagun programa: zer da?

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu astean ordubetez, 3-4 pertsonako taldetxoetan, hitz egiteko eta hizkuntza praktikatzeko. Batzuek paseoak ematen dituzte, beste batzuek kafetxoa hartzen dute, edo pintxo bat jateko geratzen dira…

Zer lortzen dugu?

  • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, gure hizkuntza ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
  • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, gure hizkuntza erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

Eman izena!

Zabalik da Mintzalagun programan parte hartzeko izen-ematea. Argibideak jasotzeko eta izena emateko, jo Orioko euskaltegira edo erabili bide hauetakoren bat:

Tarteka, aparteko jarduera osagarriak ere antolatzen ditu AEK-k Mintzalagun programaren barruan: hitzaldiak, txangoak, irakurle-klubak, kultur ekitaldietan parte hartzeko zozketak…

12 urteko ibilbide oparoa

Urola Kostan 2009an ekin zitzaion Mintzalagun Programari eta, harrezkero, ibilbide emankorra izan du egitasmoak. Izan ere, bilakaera ona izan du eta ia 100 pertsonak parte hartzen du guztira.

Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da.