Energiari lotutako bi tailer emango ditu Foru Aldundiak urrian

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak, Orioko Udalarekin elkarlanean, energiaren inguruko bi tailer emango ditu herrian: energiaren erabileraren inguruko tailerra urriaren 16an, eta energia-komunitateen ingurukoa, hilaren 23an. Lehena Salatxo aretoan izango da, eta bigarrena kultur etxean, 18:00etatik aurrera biak. Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Lehen tailerra

Lehen saioaren helburua gomendioak ematea izango da, energia modu eraginkorrean erabiltzeko eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko. Gutako bakoitzak etxean ezarri ditzakeen neurrietarako beharrezko materialak erakutsiko dituzte, eta energia aurrezteko ohitura-aldaketak zehaztuko dituzte.

Parte-hartzaileek, gainera, Energia-aurrezkiari eta –eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida jasoko dute, saioan aipatutako aholkuak, modu erraz eta ulergarrian, etxera eramateko.

  • Saio honetan parte hartzeko ezinbestekoa da urriaren 11 baino lehen izena ematea.

Bigarren tailerra

Gero eta gehiago dira energia-komunitateak sortzearen aldeko apustua egiten ari diren Gipuzkoako udalerriak, baina herritarrik gabe, ez dago komunitaterik. Horregatik, ezinbestekoa da herritarrek argi izatea komunitate horiek zer diren eta nola funtzionatzen duten.

Tailer honen helburua da gaiari buruzko informazio osatua eta zehatza eskaintzea, eta jada martxan dauden mota askotako komunitateen berri emango da.

  • Parte hartzeko, urriaren 19a baino lehen eman behar da izena.

Izena emateko bideak:

  • Idatzi: argitu@gipuzkoa.eus helbidera.
  • Deitu: 628 532 303 zenbakira (astelehenetik ostiralera, 9:00-18:00)

Horrez gain, programaren inguruko informazio osagarria dago eskura Foru Aldundiaren Argitu webgunean.