Eskualdeko enpresa-ehuna sendotzen eta bultzatzen laguntzeko, Urola Kostako Udal Elkarteak finantza-kudeaketan oinarritutako tailerra antolatu du, enpresa txikiei zuzenduta. Tailerra 3 egunekoa izango da, ekainaren 4an, 11n eta 18an, eta izen-ematea zabalik da ekainaren 2ra arte, enpresasustapena@urolakosta.eus helbidearen bidez.
Finantza-kudeaketa arloko ezagutza eta trebetasunak hobetu nahi dituzten enpresa txikien jabeei eta kudeatzaileei zuzendutako tailerra da, eta zeregin hauetan lagunduko zaie: kontabilitate-dokumentuak hobeto ulertzen, epe labur eta ertainean finantza-plangintza egiten eta finantzaketa modu eraginkorrean lortzen.
Gainera, finantza-analisia eta plangintza errazteko, parte-hartzaile bakoitzari Finamiken lizentzia bat emango zaio. Enpresa baten ekonomia- eta finantza-plana modu arin, intuitibo eta profesionalean sortzeko eta aztertzeko aukera ematen duen online software bat da.
Innobideko finantza-kudeaketako Unai Manso aholkulariak emango du tailerra; Mansok esperientzia zabala du ekintzaileei, startupei eta enpresa txikiei zuzendutako finantza-prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen.
Izen-ematea
Interesdunek ekainaren 2ra arteko epea dute ikastaroan izena emateko enpresasustapena@urolakosta.eus helbidean. Informazio gehiago behar izanez gero, sartu UKUEren webgunean edo deitu Enpresa Sustapen Zerbitzura: 943 89 08 08.