Gaur egun dozena bat lagunek osatzen dute Pello eta Nikolasa eta buruhandien konpartsa. Lagunartean eta umore onean aritzen dira, eta gustura hartuko lituzkete kide berriak taldean. Horretarako, oriotarrei zuzendutako deialdi irekia egin dute: urriaren 4an, asteazkenarekin, 18:30ean kultur etxean.
18 urte eta ondo pasatzeko gogoa besterik ez dira behar. Ez dago dantzaria izan beharrik: bidean ikasten da erraldoiak eta buruhandiak eramaten. Gainera, konpartsako kide izateak ez du ardura handirik eskatzen, puntualak baitira entseguak eta ekitaldiak.
Urriaren 21ean, Jorge Oteizaren jaiotzaren 115. urteurrena dela-eta, Egues Ibarreko erraldoiek bisita egingo digute herrian, eta horrez gain, San Nikolas festetarako plangintza ere prestatzen hasia da konpartsa. Udazkena garai ona da kide berriak probatzen hasteko, eta, beraz, interesa baduzue, giro ona eta umorea aurkituko dituzue erraldoi eta
buruhandien konpartsan. Animatu eta etorri bilerara!