‘Errio’ dokumentala Berlinen emango dute asteburuan, eta Bilbao Mendi Film Festivalen, abenduan

Orioko Udalak ekoitzitako Errio dokumentala ari da bere bidea egiten. Oria ibaiko itsas ondarea balioan jartzeko helburuarekin sortu zuen Udalak ikus-entzunezkoa, eta herrian bertan hainbat ikustaldi antolatu ondoren, herriz-herri eta nazioarteko jaialdietan aurkeztu da iazko irailaz geroztik.

Gipuzkoako herri askok partekatzen dute ondare hori. Izan ere, garai horretan lurralde osoa zegoen itsasoari begira, eta lehorreko zonalde askotako basogintzarik eta beste sektorerik gabe ezin izango litzateke errioaren ertzetan sortu zen ontzigintza industria oparoa garatu.

Berastegin, urrian

Urriaren 24ean Berastegin eman zen ikus-entzunezkoa, herri horretako Udalak eskatuta. Solasaldian Ibon Gaztañazpi zuzendaria eta Anuska Esnal alkatea egon ziren.

Berlinen, asteburuan

Nazioartetik ere eskatu dute filma proiektatzea. Izan ere, Berlingo Euskal Etxeak urtero antolatzen du Berlingo Zinemaldia, urteko euskal filmekin. Aurtengoa ekitaldiaren bosgarren edizioa izango da, eta hiru lan eskainiko dituzte: Oier Plaza Gartziaren Popel, ostiralean; Asier Urbietaren Faisanen irla, larunbatean; Oria ibaiko itsas ondareari buruzko Errio, igandean.

Emanaldiak Kino Moviemento zine areto enblematikoan egingo dituzte, eta igandean Gaztañazpi bera Berlinen izango da, filma aurkezteko.

Igeldon, azaroaren 21ean

Berlindik Igeldora egingo du bidea dokumentalak, eta hango Herri Kontseiluak eskatuta, proiekzioa egingo dute azaroaren 21ean, ostiralarekin. Emanaldia 19:30ean dago aurreikusita, eta aukera polita izango da filma oraindik ikusteko aukerarik izan ez duten herritarrentzat.

Bilbon, abenduan

Urteko emanaldi birari amaiera ezin hobea emango dio dokumentalak Bilbon, abenduaren 11n Bilbao Mendi Film Festivalen proiektatuko baitute ikus-entzunezkoa. Mendiko zinema oinarri duen jaialdi entzutetsuak ingurumenarekin eta ondarearekin lotutako proiektuei ere egiten die tartea urtero, eta Errio bertan emateko hautatua izan da, Sail Nagusian.

Proiekzioa abenduaren 11n izango da, ostegunarekin, 17:30ean Euskalduna Jauregian, eta sarrerak eskuragai daude jada jaialdiaren webgunean, 6 euroan. Saio berean, Errioren aurretik, proiektatuko dituzte Streamers, Steamers & Struggles On The Krka film labur esloveniarra, eta Zelanda Berriko Dear Superhero film laburra.