Orioko itsas ondarea jasotzen duen Errio dokumentala Durangoko Azokan emitituko dute abenduaren 5ean, irekiera egunean, 16:00etan. Gerediaga elkarteak antolatzen du urtero Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, Euskal Herriko handiena eta garrantzitsuena, eta Irudienea euskarazko ikus-entzunezkoen gunean emango dute lana, Azokatik gertu dagoen Zugaza zineman.
Udalaren helburua da datozen bi urteetan, 2025 eta 2026 bitartean, zinema, dokumental eta itsas ondare jaialditan aurkeztea Errio. Dagoeneko Udalak nazioarteko hainbat jaialditan izena eman du. Horrenbestez, jaialdien ibilbidea Durangoko Azokan hasiko du ikus-entzunezkoak, euskal kulturaren agertoki handienean; abenduaren lehen hamabostaldian liburu, disko eta beste argitalpenen urteko nobedadeak bistaratzen dira bertan.
Gabonetan, herrian
Era berean, Udalak beste proiekzio bat antolatuko du Gabonen bueltan, gaztelerazko azpidatzizkiekin. Abenduaren 22an izango da, igandearekin, eta bi emanaldi izango dira kultur etxean, arratsalde berean, bata bestearen jarraian. 18:00etan lehena, eta 19:30ean bigarrena.
Gonbitak abenduaren 10ean, asteartearekin, jarriko dira eskuragai turismo-bulegoan.
Orain arteko ibilbidea
Udalak martxan jarri zuen orain dela urte pare bat Orioko itsas ondarea bildu eta era atsegin batean kontatzeko ikus-entzunezko proiektua, ondarearen transmisioa herritarren artean zabaltzeko beste hainbat egitasmoren artean.
Ibon Gazatañazpik ekoitzi du Errio dokumentala. Irailaren 27an Karela kiroldegian estreinatu zen, eta harrera oso ona izan zuen; ia 700 herritar bildu ziren estreinaldira. Nagore Urdapilleta da dokumentalaren protagonista; Orian gora egiten duen bidaian errioak gordetzen duen ondareaz jabetzen da, hainbat protagonistarik egindako elkarrizketatan.