‘Errioa, gure nortasuna’ hitzaldi-sorta eskainiko du Udalak Arraunetxen, otsailetik maiatzera

Pasa den abenduan oriotarrek etxean jaso zuten Errioa, gure nortasuna liburuxka, Biziberritze Planaren aterkipean, herriaren historia eta itsas ondarea biltzen dituen errelatoa. Aurkezpenetik harago, hitzaldi-sorta prestatu du Udaleko Turismo sailak, Oriok azken mendeetan izandako bilakaera alorrez alor aztertzeko; otsailetik martxora, bost hitzaldi izango dira Arraunetxen.

Historikoki, errioarekin duen harremanetik eraiki da Orioko bizimodua eta jarduera ekonomikoa, eta hortik abiatu da Udalak azken hiletan egin duen lanketa. Biziberritze Planak jasotzen dituen jarduera-lerro eta ekintzetan lehena izan da errelatoaren sorrera, eta egindako ikerketa-lana herritarrei modu zabal eta hurbilekoan azaltzeko, Errioa, gure nortasuna hitzaldi-sorta prestatu du Udalak datozen hiletarako.

Zikloaren barruan, hauek izango dira hizlari: Xabier Alberdi Itsas Museoko zuzendaria, Iosu Etxezarraga Historian doktorea, Lourdes Odriozola Historian doktorea eta Jesus Mari Perona itsasontzien modelogile artisau oriotarra, Esti Diaz Biologian doktore eta AZTIko ikertzailea, eta Arturo Elosegi EHUko Ekologia katedradun eta Herrio natur-taldeko kidea. Herriaren bilakaera eta oriotarren jarduerak ez ezik, Orioren eta inguruaren natur ondarea ere izango dute hizpide.

Programazioa

Otsailaren 23an, asteazkenarekin, hasiko dira saioak, eta martxoan eta apirilean ere hitzaldi bana izango da, hilaren azken asteazkenetan. Maiatzean, aldiz, zikloari amaiera emateko, bi hitzaldi programatu dituzte: hilaren 11n eta 25ean.

Saio guztiak asteazkenetan egingo dituzte, 19:00etan hasita, Arraunetxen, eta herritarrei bertara hurbiltzeko gonbita egin nahi die Udalak, gaien zein hizlarien interesa kontuan hartuta.

Hau izango da programazioa:

  • Otsailak 23, Oriotarrak itsasoan barrena XVI. mendean hitzaldia, Xabier Alberdi Lonbide Historian doktore eta Itsas Museoko zuzendariaren eskutik.
  • Martxoak 30, Oriotarrak Pizkunde garaian: XVI. mendeko euskal kostaldeko gizartearen ikuspegi bat hitzaldia, Iosu Etxezarraga Ortuondo Historian adituaren eskutik.
  • Apirilak 27, Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera hitzaldia, Lourdes Odriozola Oiarbide Historian doktorearen eta Jesus Mari Perona Lertxundi ontzioletan adituaren eskutik.
  • Maiatzak 11, Sargazoetatik Orioraino: aingiraren bidaia miresgarria hitzaldia, Esti Diaz Silvestre Biologian doktore eta AZTIko ikertzailearen eskutik.
  • Maiatzak 25, Orioko natur ondarea: ezkutuko altxorrak, agerian hitzaldia, Arturo Elosegi Irurtia EHUko Ekologia katedradun eta Herrio natur-taldeko kidearen eskutik.

Saio guztiak bideoz grabatuko dira, eta hitzaldi-bilduma osoa eskuragarri izango da Udalaren atarian.