Eskerrik asko herrian piztu duzuen ilusioagatik. Kontxako bi banderak irabazteko aukerekin iritsi gara bigarren igandera, eta horrek meritu handia du. Baina, emaitzak emaitza, zoriontzekoa da urte osoan egin duzuen lana eta ahalegina, ikusten ez den eguneroko sakrifizio hori. Zuen esku dauden eta ez dauden faktoreek baldintzatuko dute biharkoa; baina, horren gainetik, irabazi edo ez, arraunlarien eta Orio Arraunketa Elkarteko kideen ondoan egongo gara.
Eskerrik asko, baita ere, Orioko herriari, behar zaituztenean hor egoteagatik. Bihar horiz jantziko ditugu Donostiako kaleak, baina arduraz jantzi behar dugu kamiseta horia: babestu ditzagun gure arraunlariak eta errespetatu ditzagun beste taldeetakoak eta zale guztiak.
Azken batean, bihar bandera asko daude jokoan, uretan bezala, lehorrean. Baina arraunlarien lana eta zaleon ilusioa dira gure herri eredua.
Anuska Esnal Oliden, Orioko alkatea