2023az geroztik, herriko zaintzaren egoera eraldatzeko prozesuan murgildu da Orioko Udala, bost lan-lerro nagusiren baitan. Horietako bat da, hain zuzen, zaintzaren pedagogia hedatzea, hau da, zaintzaren kontzeptua oso zabala denez, horren ertz desberdinen inguruan aritzeko saioak eskaintzea herritarrei. Horretarako, abendutik martxora arteko egitaraua aurkeztu zuen abendu hasieran, eta lehen saioa ostiral honetan izango da: Esne-berriketan bertso saio literarioa.
Uxue Alberdik hango eta hemengo emakumeen testigantzak jaso ditu Esne-berriketan lanean. Ahoz aho kontatu izan dira maiz istorio esanguratsuenak, eta horietako batzuk belarriz idatzi nahi izan ditu. Horrez gain, bakarkako nahiz taldekako solasaldiak ere antolatu ditu emakumeekin, baita Orion ere, eta guztietan bildutako informazioarekin osatu ditu lanean jasotako 77 kontakizunak.
Bada, liburuan oinarritutako bertso saioa izango da ostiraleko, eta gonbitak eskuragai daude turismo-bulegoan eta Saregilen.
Urtarrilean, ‘Hitz egin dezagun zaintzaz’ saioak
Gabonetako oporren ondotik, urtarrileko eta otsaileko astelehenetan, Hitz egin dezagun gure zaintzaz saioak antolatuko ditu Udalak, eta izen-ematea zabalik dago jada.
Lau izango dira zaintzari lotutako ikuspegi ezberdinak aztertzeko prestatu diren hitzorduak:
- Urtarrilak 12: Zaintza pertsonalak – Zaintzak ez dira inprobisatzen
- Urtarrilak 19: Zaintza medikuak – Aurretiazko borondateen agiriak
- Urtarrilak 26: Zaintza administratiboak – Notario ahalordeak
- Otsailak 2: Zaintza ekonomikoak – Testamentua eta baliabide sozialak
Topaketa guztiak astelehenetan izango dira, 17:30etik aurrera, kultur etxean, eta Olaia Arana gizarte langile eta Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko Etika Batzordeko kideak gidatuko ditu. Saio hauen helburua da herritarrei zaintzaren alor ezberdinei buruzko informazio praktikoa eta tresna eraginkorrak eskaintzea, etor daitezkeen egoerei aurrea hartu ahal izateko. Eta gaian interesa duten guztiei zabalduta egongo dira.
Izen-ematea, online
Solasaldietan parte hartzeko gomendagarria da aurrez izena ematea GALDETEGI HONEN bidez; ez da ezinbestekoa saio guztietan parte hartzea, norberaren interesen arabera egin daiteke aukeraketa. Izen-ematea zabalik egongo da urtarrilaren hasiera arte.
