Etorkizuneko eskola-kirol eredua lantzen ari dira Udala eta kirol-eragileak

Udalak iaz egindako kirol-diagnosiak garbi erakutsi ditu Orioko eskola-kirolak, gauza onekin batera —parte-hartze maila handia, eskaintza ugaria…—, badituela gabeziak ere: begiraleen prestakuntza-maila eskasa, egitura ahula, finantzaketa urria… Hori dela-eta, Udalak eta kirol-eragileek gaiari buruzko gogoeta-prozesu bat abiatu zuten aurtengo maiatzean, indarrean daukagun eredua egokitzeko gaur egungo gizartearen nahi eta premietara.

Orioko Udalak antolatuta eta OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak dinamizatuta, hiru gogoeta-saio ireki egin ziren 2024ko maiatzean eta ekainean. Guztira, 14 lagunek parte hartu zuten: bi ikastetxeetako koordinatzaileak, gurasoak, Udaleko hezkuntza- eta kirol-teknikariak, zinegotziak eta kirol-elkarte batzuk. Saio horietan gaur egungo eskola-kirol ereduaren indarguneak eta ahulguneak aztertu ziren eta aurrera begirako zenbait gako identifikatu ziren.

Hiru gogoeta-saioetan landutakoaren emaitza txosten honetan jasota dago: Eskola-kirolaren eredu berria lantzen. 2024-2025 (PDF) 

Gogoeta kolektibo horren ondoren, talde motor bat eratu dute Udalak eta kirol-eragileek ikasturtearen hasieran, gaia lantzen jarraitzeko. Taldeak helburu hauxe jarri dio bere buruari: ikasturte honetan gaia landu ondoren, 2025-2026 ikasturtean eskola-kirol eredu berri bat abiatzea Orion.

Hauek izango dira eskola-kiroleko talde motorraren eginkizunak 2024-25 ikasturte honetan:

  • Gaur egungo egoerari buruzko informazioa biltzea galdetegien bidez.
  • Eskola-kiroleko eredu ezberdinak ezagutu eta aztertzea.
  • Prozesuan eta programan herriko beste eragileak inplikatzea.
  • Kirol-programa bateratu bat diseinatzea Orioko haur guztientzat, gaur egungo eskola-kirolak eta kirol-eskolak modu koordinatuan bilduko dituena.
  • Begiraleentzako lan-baldintza duinak bermatuko dituen egitasmoa proposatzea.
  • Eskola-kirol eredu berriaren aurreikuspen ekonomikoa egitea.

Talde motorra oraintxe jarri da martxan eta zortzi bat hilabetez ariko da lanean, ikasturtea bukatu arte. Bitartean, kontrasteak egingo ditu kirol-eragileekin, prozesuaren norabidea egokitzeko. 

Hasteko, informazioa biltzeko galdetegiak prestatu ditu talde motorrak, jakiteko, batetik, ikasleek, gurasoek eta begiraleek nola baloratzen duten gaur egungo eskola-kirol eredua, eta, bestetik, nolako hobekuntzak proposatzen dituzten.

Udalak datorren astean zabalduko ditu galdetegiak, interesatuek erantzuteko.