Euskal rocka izango da protagonista Orion ekainaren 2an

 

Saio bikoitza izango da ekainaren 2koa, proiekzioa eta kontzertua uztartuko baitira kultur etxean egingo den emanaldian: hasteko, Euskal Rockaren Sorrera ikus-entzunezkoa eskainiko dute, eta jarraian, Leok’k taldearen emanaldia izango da. Saioa 19:00etan hasiko da, eta sarrerak eskuragai daude online zein kultur etxean, 2 euroan.

Urola Kostako Leok’k taldeak 50 urteko bete zituen 2021ean, eta iaz Bizirik hala ere diskoa kaleratu zuen. Euskal rockaren talde historikoetako bat da, eta sei lagunek osatzen dute: Juan Antonio Kortadi (gitarra, koruak), Gotzon Lizaso (sintetizadoreak, pianoa, koruak), Luis Llavori (gitarra solista, gitarra akustikoa, ahotsa), David Gorospe (bateria, perkusioa), Jesus Aranberri (Hammond organoa, piano elektrikoa) eta Alfonso Guillo (baxua, koruak, ahotsa).

Ekainaren 2ko emanaldian, disko horretako kantak emango dituzte, eta baita azken urte hauetan argitaratutako lanetako doinuak ere: Infinituari segika, Alferrik baita…

Aurretik, dena dela, Euskal Rockaren Sorrera dokumentala izango da ikusgai. Dokumentalean, eskualdeko rockaren lehen urteetan protagonista izan ziren eta gaur egun ahaztuta dauden taldeei aitortza egin nahi diete.