Festa-batzordearen funtzionamenduari buruzko lansaioa egin zen otsailren 21ean, Arraunetxen. 30etik gora lagun bildu ziren Udalak deitutako hitzorduan, eta aurrera begirako hainbat proposamen landu eta jaso ziren. Horiek pixkanaka bideratzeko konpromisoa hartu du Udalak, eta epe motzean, funtzionamendua hobetzeko ekarpenak aintzat hartuta, San Pedro festak antolatzeko bilera-egutegia prestatu du, martxotik apirilera.
Orain arte bezala, hiru bilera egingo dituzte datozen asteetan. Lehena martxoaren 24an izango da, eta bilera horren aurretik, 2026ko San Pedro festei begira, proposamenak helarazteko aukera zabaldu du Udalak, helbide honen bidez: kultura2@orio.eus. Herriko eragileek ez ezik, festen antolaketa parte hartu nahi duten herritarrek ere aukera dute proposamenak helarazteko.
Hau izango da bileren egutegia eta saio bakoitzaren helburua:
- Martxoak 24, asteartea, 19:00etan Salatxo aretoan
Festa egunak eta programazioaren oinarriak zehazteko bilera. Udalak posta bidez jasotako proposamenak aurkeztuko ditu, eta parte-hartzaileek ere berenak aurkezteko aukera izango dute. Horiek taldean aztertu eta programazioaren lehen zirriborroa osatuko da, Orioko San Pedro festen izaera eta balioak kontuan hartuta.
- Apirilak 14, asteartea, 19:00etan kultur etxean
Proposamen berriak aurkezteko aukera egongo da, aurreko bileran zehaztutako oinarrien gainean. Halere, bileraren helburua programazioaren ikuspegi orokorra erabakita uztea izango da.
- Apirilak 28, asteartea, 19:00etan kultur etxean
Programa ixteko bilera izango da, jarduera, artista, ordutegi, gune… guztiak lotuta. Gainera, behar teknikoak zehaztuko dira eta eragileen arteko koordinazioa bideratu.
Udalak eragile eta herritarrei egiten die dei, festa-batzordeko saioetan parte hartu dezaten, guztion iritziak eta proposamenak jasotzea garrantzitsua baita.
