Lehengo larunbatean, otsailaren 21ean, hogeita hamar herritarretik gora bildu zen Arraunetxen, Udalaren deiari erantzunez, festa-batzordearen inguruko lansaioa egiteko. Herritar eta eragileen ordezkaritza zabala juntatu zen hitzorduan, eta horiez gain, han izan ziren Udaleko teknikariak eta ordezkari politikoak ere. Haiekin guztiekin batera, Eihera kooperatibako Kattalin Miner aritu zen dinamizatzaile lanetan.
Orion festa-batzordeak funtzionamendu bera izan du urte luzez, eta batzordearen dinamiketan hobetu-beharrekoak zeudela ikusita, horiek birpentsatzeko saiakera egin zen saioan. Dinamika eta ariketa praktikoak egin ziren goizean zehar, horien bidez gai-konkretuen inguruko hausnarketak egiteko: bileren maiztasuna eta kronograma, bilera bakoitzean erabaki beharrekoak, musika taldeak proposatzeko moduak, parte-hartzea, bileretako asistentzia, elkarbizitzarako irizpideak,…
Ondoren, bigarren zatian, lau kontzepturen inguruko hausnarketak egin ziren, eta horiek festetan txertatzeko irizpideak eta oinarriak. Lau kontzeptuak hauek izan ziren: festa euskaldunak eta euskaradunak; parte-hartzea eta belaunaldiartekotasuna; festa aske, seguru eta feministak; festa bizigarriak eta jasangarriak.
Goiza emankorra izan zela ondorioztatu zuten bertaratuek. Orain, Udalak konpromisoa hartu du lansaioan jasotakoak aztertzeko eta, neurri eta irizpide zehatzetan oinarrituz proposamen bat egiteko.
