Gabonen atarian, urtarrilaren 5era bitarte herrian izango diren jardueren berri eman du Udalak. Urtero bezala, herriko eragileekin elkarlanean prestatu du programa, eta Mari Domingi, Olentzero eta laguntzaileen zein Erregeen etorrerarekin batera, haur, gazte eta helduei zuzendutako beste hainbat jarduera izango dira.
Urteroko jarduerak
Gaur bertan, Herrio natur taldeak eta bi ikastetxeek antolatutako Jostailuen eta Liburuen Truke Azokarekin abiatuko da egitaraua. Herriko Plazan izango dira arratsaldez, materialak biltzen, eta larunbat goizean, 10:30etik 14:00etara, egingo da azoka, toki berean. Informazioa, hemen eskuragai.
Hilaren 19an, aldiz, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako eta Salatxo abesbatzako kideek kontzertua emango dute, eta hurrengo egunean, abenduaren 20an, Harribil dantza taldearen Herribil emanaldia izango da ikusgai kiroldegian.
Hilaren 24a herriko haurrei eskainitako egun magikoa izango da: 11:30ean hasita, kantu-jiran ibiliko dira bi ikastetxeetako haurrak. Arratsaldean, txokolate-jana egingo da, Arkupe elkarteak prestatuta, eta segidan, Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera izango da, Lera taldeak antolatuta.
Abenduaren 27an, Herriko Plazatik hasita, bertso-poteoa egingo da kalez kale Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus bertsolariekin, eta hilaren 30ean haurrentzako puzgarriak izango dira kiroldegian eta gospel emanaldia elizan.
Urtea amaitzeko, gainera, San Silvestre lasterketa antolatuko du Kamel Ziani atletismo-taldeak hilaren 31n, eta urtarrilaren 5eko Erregeen etorrerari lotuta, entseguak egingo dituzte abenduaren 30ean eta urtarrilaren 3an eta 4an, LH1etik gorako ikasleek.
Jarduera bereziak
Abenduaren 20an, esaterako, Gabonak eta aulki hutsak hitzaldia antolatu du Salatxo aretoan 19:00etan, Zainbizi elkarteak. Eta hurrengo egunean, abenduak 21, Teilatupean haurrentzako ikuskizuna izango da kultur etxean, 17:00etan hasita.
Abenduaren 22an, ostera, Herrio natur taldeko kideak tirolina alboko parkean izango dira goizean, Euskal Herriko zuhaitzak herritarrei doan banatzen, eta arratsaldean, Ibon Gaztañazpik zuzendutako Errio dokumentalaren bi emanaldi egingo dira kultur etxean: 18:00etan eta 19:30ean. Gonbitak eskuragai daude jada turismo-bulegoan.
Abenduaren 28an, ostera, Herri Aitortza ekitaldia egingo da Arraunetxen. Orioren alde egindako lana aitortuko zaie herriko hainbat herritarri, eta ekitaldi irekia izango da. Hautagaitzak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du abenduaren 15era arte, igandearekin. Hemen duzue galdetegia.
Eta hurrengo egunean, abenduak 29, Itsasoko erromesak dokumentalaren proiekzioa eta parte-hartzaileekin solasaldia izango da kultur etxean, 18:00etatik aurrera.
Sanikolasetatik Gabonetara
San Nikolas festetan bertan behera geratutako bi jarduera ere egingo dira Gabonetan: batetik, Eguberri egunean, Gozategi eta DJ Bonen kontzertuak izango dira Herriko Plazan, 20:00etan eta 22:00etan, hurrenez hurren. Eta abenduaren 27an, ostiralarekin, III. Imanol Ibarguren Memorialeko finalak eta afizionatuen pilota-partidak jokatuko dira 17:00etatik aurrera frontoian.
Datozen egunetan, ekitaldi horietako batzuen inguruko xehetasun gehiago emango ditu Udalak. Eta hemen ikus dezakezue kartela neurri osora.