Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua argitaratu berri du, “egin ezazu zuk zeuk” filosofia kosmetikoen alorrera ekarrita. Lanaren nondik norakoak azaltzeko eta irakurleen zalantzak argitzeko, aurkezpena egingo du ostegun honetan, azaroak 14, kultur etxean.
Argia aldizkariari emandako elkarrizketan azaldu duenez, “Urtetan, kontsultako lanean, azaleko gaitzekin ikusi dut jendea, eta kasu askotan, ez ziren berezkoak edo naturalak, kosmetiko industrialek eragindakoak baizik”, dio. Hain zuzen, kremak eta bestelako produktuak ekoizteko enpresa handiek –eta ez hain handiek– darabiltzaten osagai sintetikoek kalteak eragiten dituztela ohartarazten du, eta horren aurrean, norberak etxean kosmetikoak egiten ikasteko liburu teoriko-praktikoa osatu du Larreak.
Liburua azaroaren 7an kaleratu zen, eta Argiaren azokan dago eskuragarri. Hitzaldia doakoa izango da, 19:00etan hasita.