Gaur zabaldu dute udal-kanpina

 

Udal-kanpina martxoaren 1etik azaroaren 13ra egongo da zabalik aurten eta, kanpinarekin batera, baita Boga-Boga taberna, jatetxea eta supermerkatua ere. Jone Olaskoaga kanpineko zuzendariaren iritziz, «aurtengo helburua behe-denboraldian eta tarteko denboraldietan okupazioa zertxobait igotzea izango da, eta goi-denboraldian, aldiz, ohiko % 90-95eko okupazioari eustea».

Iaz bezala, aurten ere 38 bezero finkorekin zabalduko du denboraldia kanpinak. «Indarberrituta hasiko gara» adierazi du Olaskoagak. «Arraun-ekitaldi garrantzitsuak ditugu herrian lehen bi asteburuetan, eta lehen egunean gelditu gabe ari da joka telefonoa. Erreserba-motorrak ere 30etik gora erreserba jaso ditu dagoeneko».

Berrikuntzak

Olaskoagaren arabera, bi berrikuntza nagusi izango ditu aurten kanpinak. Alde batetik, eraikin nagusiaren teilatuan jarri diren eguzki-plakak. Haien bidez, kanpina bera, Zaragueta eskola eta hondartzako kabinak energia fotovoltaikoarekin hornituko dira.

Udalak 2019an egin zuen energia-iturri berriztagarriaren aldeko apustua. Ura berotzeko eguzki-plaka termikoak jarri zituen aurrena, eta orain beste urrats garrantzitsu bat eman du kanpinak, teilatuko eguzki-plaka berriak jarrita.

Aurtengo bigarren berrikuntza, aldiz, erreserbak eta check-in-ak egiteko online sistema berria da: «Aurretik genituen zailtasunei erantzuna ematera dator. Azkarragoa da, seguruagoa eta akatsik gabea, eta helburu nagusia bezeroen itxarote-denbora murriztea da. Horrela, gurekin izango duten esperientzia hobetu nahi dugu» nabarmendu du.