Argazki ederrak utzi dizkigute aurtengo San Pedro jaiek. Bete-betea ikusi dugu Herriko Plaza, txupinazoarekin hasi eta Arrantzale Egunarekin bukatu arte. Ostadarraren koloreekin margotu dugu Orioko herria, eta aurretik bide luzea egiteko badugu ere, Udala oso harro dago eragileek eta herritarrek erakutsi duzuen inplikazio eta jarrerarekin.
Salatxo abesbatza, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien konpartsa, herriko txaranga gazte-gaztea, musikariak, dantzariak, kirolariak… Luzea da artista–ilara! Eta are luzeagoa ekimen horiekin guztiekin bat egin duzuen herritarrena. Jai koloretsu eta askeak nahi genituen, eta denon elkarlanari esker, gozagarriak eta ahaztezinak izan dira aurtengo festak.
Biba! Ez dugu besterik esateko. Udaletik eragileon lana errazten eta gure festak indartzen jarraituko dugu.