Harrotasunaren Hilabetean, N-634 zubirako eskailerak ostadarraren koloreekin margotuko dira berriro

 

Ekainaren 28a da LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta ekaina osoa, berriz, Harrotasunaren Hilabetetzat hartzen da. Hori dela eta, Orioko LGTBIQ+ komunitateko kideek Ibai ondo kaletik eta moilatik N-634 errepideko zubira igotzeko eskailerak ostadarraren koloreekin margotuko dituzte berriro, gaur, ekainak 15, lehendik emandako kolorea dagoeneko oso ajatuta dago-eta.

Pintaketa-lana egiten duten bitartean, LGTBIQ+ banderolak izango dituzte salgai, eta une horretan erosi ezin dituztenek Ahalduntze Eskolan ere izango dituzte eskuragai astelehenetik aurrera, kultur etxeko lehen solairuan.

Diagnostikoa

2019an, Pertzetik Elkarteak Orioko Emakumeen Beharren Diagnostikoa egin zuen eta hortik sortu zen, gerora, Orioko Ahalduntze Eskola. Diagnostiko hartan, LGTBIQ+ kolektiboarengandik jasotako testigantza adierazgarriak bildu ziren. Besteak beste, hainbat herritarrek «presio soziala, begiradak edota komentario iraingarriak» jasaten dituztela jasotzen du txostenak, «sexu bereko bikote-harremanak aske adierazteagatik eta genero bakoitzari egotzitako jokabide eta roletatik urruntzeagatik».

Horregatik, herri mailan matxismoa, sexismoa eta lgtbiq+fobiaren inguruan sentsibilizazio-lana egiteko beharra nabarmendu zuten txostenaren egileek, modu intersekzional eta zeharkakoan, denok norabide berean jarduteko: familietan, eskoletan, Udalean, kalean…

Lanketaren beharra

Udalak jakin du LGTBIQ+ kolektiboari lotutako ekitaldien kartelak herriko paneletatik kendu egiten dituztela batzuek, eta halako jokabideak erabat gaitzesten ditu. Kolektiboaren ikusgarritasunaren eta aldarrikapenen alde lanean jarraitzeko konpromiso irmoa adierazten du Orioko Udalak, eta lanketa-prozesu hori Ahalduntze Eskolaren bidez bideratuko du.