Haurrentzako tailerrak izango dira ostiralean Mutiozabalen

 

Uztailaren 14tik 16ra ospatuko da aurten Bisiguaren Festa, eta programaren barruan, haurrentzako tailerrak emango ditu Albaola Itsas Kultur Faktoriak Mutiozabal Txoren ontziolan. Ostiralean izango dira, uztailak 14, 17:00etatik 19:00etara, eta 6-12 urte arteko haurrei zuzenduta daude.

Ontzigintza tradizionala ezagutarazteko jarduerak eskaintzea du helburu Mutiozabal Txoren proiektuak, eta herriko itsas ondareari eta ohiturei estu lotutako Bisiguaren Festan ere, haur eta gaztetxoentzako tailerrak emango dira ontziolan. Parte-hartzaileek aukera izango dute Mutiozabal barrutik bisitatu eta itsas arotz baten azalean jartzeko.

Jardueran parte hartzeko ez da aurrez izenik eman behar, eta interesa duen edonor hurreratu daiteke.

Ezagutzaren transmisioa

2022-2023 ikasturtean, Zaragueta Herri Eskolako, Orioko Herri Ikastolako eta Aginagako Herri Eskolako ikasleek parte hartu dute ontziolaren proba pilotuan; Albaolak prestatutako unitate didaktikoak landu zituzten aurrena eta, ondoren, begiraleen laguntzarekin, ala bat muntatu zuten. Maiatzean egin zuten alaren botaduraekitaldia, eta gaztetxoek ontzia probatzeko aukera ere izan zuten. Irailetik aurrera, aldiz, Euskal Herriko ikastetxeei zabalduko zaie eskaintza.

Horretarako, datozen asteetan egokitzapen batzuk egingo zaizkio ontziolaren eraikinari, neguko hilabete hotzetan ikasleek barruan lan egiteko aukera izateko.