Udala jakitun da herriko argiteriak gorabehera asko izan dituela azken hiletan. Hainbat auzotan argi-mozketak izan dira, eta horren ondorioz, kaleko argiteria itzalita egon da denbora batez. Udalari kezka handia eragiten dion gaia da, itzalaldiak daudenean sortzen diren puntu beltzak direla-eta.
Mozketa hauen atzean hainbat arrazoi daude:
- Herriko argiteria LED motako bonbilletara aldatu zen duela hiru urte, eta hori dela eta, sistema sentikorragoa da eta sarriago gertatzen dira akatsak.
- Era berean, horiek lokalizatzea nekezagoa da brigadako langileentzat, eta denbora gehiago behar izaten dute egoera bideratzeko.
- Farola berrien instalazioan hainbat gorabehera izan ziren, eta horien eraginez, bonbillek maizago huts egiten dute.
Azken honi lotuta, hainbat zuzenketa egiteko eskatu dio Udalak lanaz arduratu zen enpresari, eta datozen asteetan etorriko dira konponketak egitera. Gainera, argi-mozketak gertatzen direnean, ahalik eta azkarren bideratzeko ahalegina egiten jarraituko du Udalak.
Errezabal bideko argiteria
Azaroan bukatu zituen Udalak Errezabal bideko asfalto-lanak, eta argiteria berria instalatuta dago jada. Eguzki-panelen bidez kargatuko dira farolak, eta martxan jarri aurretik, ondo kargatzea komeni da. Negu betean gaudenez, otsailerako prest egongo direla aurreikusten da.