Herriko kirol-zerbitzua eguneratzeko urratsak egin ditu Udalak

Orioko Udalak herriko kirol-eskaintzaren azterketa egin du azken urteotan, herriko kirol-baliabideen eta elkarteen egoera ezagutzeko. Bi diagnostiko egin dira: kirol-azpiegituren azterketa egin zuen Txekalde ingeniari-bulegoak, eta kirol-eskaintzaren diagnosia Kirol Management SL enpresak. Bi diagnostiko horietan jasotako ondorioak ikusita, eta herriko kirol-elkarteen ekarpenekin, antzemandako ahulguneei erantzuteko neurriak hartu ditu Udalak.

Orioko Udalak Kirol Mahaia berraktibatu zuen 2023ko udazkenean. Orduan, egindako diagnosiak aurkeztu zitzaizkien kirol-elkarteetako ordezkariei, ikastetxeetako eskola-kiroleko koordinatzaileei eta Udaleko zinegotziei. Saio hartan, gainera, Udalak xehetasunak eman zizkien eragileei lantzen ari zen proiektuari buruz, eta haiek ekarpenak egin zizkioten proposamenari.

Ordutik, herriko kirol-eskaintza berritzeko eta kudeaketa errazteko plana landu du Udalak. Lehen urratsak hauek izan dira:

  • Kiroldegiaren kudeaketaren eta eskaintzaren lizitazioa

Azaroko udalbatzarrean aho batez onartu zituzten kiroldegiko zerbitzuak adjudikatzeko lizitazio berriaren pleguak. Bost enpresak aurkeztu zituzten proposamenak, eta epaimahaia horiek ebazteko prozesuan ari da. Lizitazio berriarekin, Udalak orain arte baino erabaki-ahalmen gehiago izango du eta kiroldegiaren eskaintza zabalagoa izango da. Urteko aurrekontua 930.000 eurokoa da.

  • Haize Berri taberna zegoen lekuan gimnasio berria egokitzeko lanak

Tabernaren eremua gimnasio bilakatzeko egokitzapen-lanak martxan daude dagoeneko. 30.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusi du Udalak: tabernako elementuak kendu, lurra eta instalazioak egokitu, sarbideko kontrola instalatu…

  • Kiroldegian izango diren bi gimnasioetako makineria erabat berritzeko eta Mendibeltz futbol-zelaiko hornikuntza eguneratzeko lizitazioa

Kiroldegiko gimnasioak eta Mendibeltz futbol-zelaia hornitzeko materiala errentan hartzeko lizitazioaren pleguak onartu zituen atzo udalbatzarrak, 268.450,90 euroko aurrekontuarekin. Lizitazioan leasing sistema erabiliko da, hau da, Udalak hilero ordainduko du makineriaren alokairua eta, 5 urte igarotakoan, materiala jabetzan hartzeko aukera izango du. Makina horien mantenua lizitazio-deialdia irabazten duen enpresaren ardura izango da.

Udalak aurreikusten du bi deialdiak udaberrian ebatziko direla eta orduan jarriko da martxan, pixkanaka, Orioko kirol-ereduaren eraldaketa.

 

2024an kiroldegian egindako lanak

Kiroldegiko instalazioetan aldaketa garrantzitsuak egin zituen Udalak 2024an, bereziki, klimatizazioan eta hezetasuna kentzeko sistemetan. Energia aurreztu eta ekoizteko, besteak beste, aerotermia-sistema ezarri zen, ur beroa ekoizteko. Booster edo tentsio-igogailu bat jarri zen, hezetasuna kentzeko makinaren beroa aprobetxatzeko, eta, horrez gain, energia elektrikoa sortzeko 85KWko instalazioa jarri zen igerilekuaren sabaian.

Egindako lanek 520.000 euroko kostua izan zuten eta 275.000 euroko laguntza jaso zuen Udalak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak 215.000 euro jarri zituen eta Energiaren Euskal Erakundeak, berriz, 60.274,20 euro, Next Generation funtsen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez.