Herriko zaintza-ekosistemaren azterketa sakona egiten ari da Udala, horren eraldaketa bideratzeko. Udalak joan den astean iragarri zuen bezala, apirilean eta maiatzean sei saio egingo dira zaintzaren alorrean lan egiten duten eta zaintza jasotzen duten herritarrekin. Eta orain zazpigarren bat gehitu dute zerrendara: gurasoei zuzendutako saio irekia.
Maiatzaren 16an izango da, 17:00-19:00 artean, Saregilen. Adin guztietako seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta egongo da, eta asmoa da zaintzaren inguruko diagnostikoan gurasotasunaz ere hausnartzea: arduren banaketa, kontziliazioa, gure seme-alabak nola zaintzea nahi dugun… Gurasoek dituzten kezkak jasotzeko eta aldaketarako espazioak eta beharrak identifikatzeko ere balioko du saioak.
Saioan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea galdetegi honen bidez. Eta zalantzak argitzeko, jarri harremanetan Saregilerekin edo Udaleko Gizarte Zerbitzuekin:
- Saregile: 623 178 553 eta saregile@orio.eus
- Gizarte Bulegoa: 943 83 03 46 luz.6 eta gizartebulegoa@orio.eus
Eskerrik asko zaintzaren proiektu estrategikoarekin bat egiten ari zareten herritar guztiei; zuen ekarpenak ezinbestekoak izaten ari dira lanketa-prozesuan.