Hiru eragilek antolatutako jarduerek bat egingo dute larunbatean, plazan

Larunbat honetan, apirilak 5, hiru eragilek antolatutako ekintzak egingo dira Herriko Plazan: Harribil dantza-taldeak, Orioko Herri Ikastolak eta Orioko Euskaraldiaren batzordeak.

Hauek dira eragile bakoitzak antolatutako jarduerak:

Orioko Herri Ikastola Aste Kulturala egiten ari da astelehenaz geroztik, eta larunbatean kantu-jira egingo dute, kalez kale. 12:00etatik 13:00etara izango da, Herriko Plazatik abiatuta.

Orioko Euskaraldiaren batzordeak, bere aldetik, Euskaraldiaren Hamalaukoa aurkeztuko du jarraian, 13:00etan. Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurten Euskaraldia, eta ekimenaren Orioko aurpegia osatuko dutenak jendaurrean aurkeztuko ditu batzordeak. Lehen Euskaraldian egin zen bezala, ahobiziz eta belarriprestez osatutako trainerua osatu du batzordeak, nolabait ekimenaren ordezkaria izango dena herrian.

Harribil-dantza taldeak, berriz, 30. urteurreneko ospakizuna egingo du egun berean. 13:15etik 14:30era: herriko trikitilari eta panderojoleek girotuta, trikipoteoa antolatu dute kalez kale, eta jarraian herri-bazkaria egingo dute, plazan. Bazkalondoan, erromeria izango da Elustondo anai-arreben eskutik.