Hossain Kaanachek dokumentala aurkeztu die herriko ikasleei Arraunetxen

 

Hossain Kaanache Amghiraf oriotarrak eta Diego Roucour de Corralek egin dute Juntos / Batera dokumentala eta gaur goizean aurkeztu dute Arraunetxen, Orioko eskolako eta ikastolako DBH3 eta DBH4ko ikasleen aurrean. Dokumentalaren lehen proiekzioa izan da gaurkoa.

Hossain Eusko Jaurlaritzak sustatutako ADOS Batzordeko kide da. Batzordearen helburuetako bat komunitate islamikoen eta euskal gizartea osatzen duten beste errealitateen arteko elkarrekintza eta lankidetza sustatzea da. Helburu horri begira, ekimen bat jarri dute martxan, kultura- eta erlijio-tradizio askotako gazteen arteko bizikidetza lantzeko; eta, horren barruan, gazte talde askotariko batek bost eguneko bizikidetza-esperientzia bat bizi izan du aurtengo abuztuan, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian barrena. Bost egun horietan bizi izandakoak biltzen ditu gaur aurkeztu duten dokumentalak: zer egin duten, zer balio landu dituzten, zer ondorio atera dituzten…

Hossain eta Diego bultzatzaileek Orion nahi zuten estreinatu dokumentala eta, Udalaren eta bi ikastetxeen laguntzaz antolatu dute gaurko aurkezpena. Aurkezpenean, bost eguneko bidaia horretan parte hartu zuten gazteetako batzuk ere izan dira eta modu aktiboan parte hartu dute proiekzioaren ondoko solasaldian, Hossainekin eta Diegorekin batera.

Dokumentala online ikusi daiteke gaurtik aurrera: