Ibilgailu elektrikoei buruzko tailer informatiboa izango da urriaren 13an, kultur etxean

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarrirako aukerei buruzko tailer informatiboa antolatu du, Orioko Udalarekin elkarlanean. Urriaren 13an izango da, ostegunarekin, 18:30ean, kultur etxean, eta aurrez izena eman behar da.

Tailerraren helburua informazioa ematea da gizartean txertatzen eta indarra hartzen ari diren mugikortasun-eredu jasangarriagoei buruz. Zehazki, alderdi hauei buruz arituko dira: ibilgailu elektrikoen ezaugarriak, kontsumoa, salneurria, kargatzeko eskakizunak… Era berean, mugikortasunari lotutako beharrei buruz hausnartuko da, motorrik gabe mugitzeko aukerak aztertuko dira eta ibilgailu elektrikoak konpartitzeko dauden esperientzien berri emango da.

Tailerrean parte hartzeko, ezinbestekoa da izena ematea urriaren 11 baino lehen. Horretarako bideak:

  • argitu@gipuzkoa.eus
  • 605 757 687 (astelehenetik ostiralera, 9:00-18:00)
  • argitu.eus

Energia Argitu programa

Tailerra Energia Argitu programaren baitan kokatzen da. Gipuzkoako etxebizitzetan, merkataritzan, enpresetan… energiaren kontsumoa murrizteko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskaintzea du helburu.

Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak hainbat baliabide jarri ditu lurraldeko eragileen eskura: aurrez aurreko prestakuntza-saioak, online tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren webgunea…