Indarkeria matxisten aurka

 

Azaroaren 25a indarkeria matxisten aurkako nazioarteko eguna da eta, zoritxarrez, oraindik ere kalera irteteko beharra daukagu, emakumeen kontrako indarkeria ez baita desagertu gure gizartetik.

Udalaren lan-ildo garrantzitsuetako bat da berdintasunarena eta, denok batera, bidea irekitzen ari gara herri parekide, askotariko eta bizigarriago baten alde. Esan beharra dago, ordea, herritar batzuen aldetik erresistentziak topatzen ditugula lanketa horretan aurrera egiteko. Erresistentzia horrek berdintasunaren alde jarduten diren pertsonak seinalatzen ditu eta presioa ezartzen du haiengan. Horrek zuzenean eragiten dio berdintasunaren erreibindikazio publikoari; izan ere, zenbait mutil eta gizonek haien kontrako ideologiatzat hartzen dute feminismoa eta horrek kezka sortzen digu.

Bistan da gaia lantzen segitu behar dugula eta, kontrako jarrera horiek desaktibatzeko, modu eraikitzailean jardun behar dugula, bakoitzak bere tokitik egindako ekarpenak aintzat hartuta eta, betiere, zentzua eta elkarrekiko errespetua gidari. Hori da Udala osatzen dugun guztion konpromisoa.

Baina, bitartean, kalera irten beharra dago eta, aurten, bereziki, indarrak batzeko ahalegina egin dugu. Aurreko urteetan, Udalak eta bi ikastetxeek deituta, elkarretaratzeak egin izan ditugu plazan azaroaren 25eko goizean; aurten, ordea, Hezkidetza Mahaian biltzen garen hezkuntza-eragileok indarrak bildu eta Orioko Mugimendu Feministak arratsalderako deitu duen manifestazioarekin bat egitea erabaki dugu, indarkeria matxisten aurkako mezu bakar eta indartsua emateko.

Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Herriko Plazatik eta banku morean bukatuko da, Arrantzale kalean. Hauxe da aurtengo leloa: «Ez bazara konponbidea, arazoa zara».

Orioko Udalak bat egiten du Orioko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioarekin eta dei egiten die herritarrei kalera irteteko. Oraindik bide luzea dugu egiteko eta zer hobe elkarrekin egitea baino!