Udalak berritu egin du terrazen ordenantza, bide publikoaren okupazioa arautzen duena. Aritzaga kalea eta plaza ingurua oinezkoentzat jartzeko egindako lanak eta gero, Udalak beharrezkotzat jo zuen terrazen ordenantza ere aldatzea, egoera berriari hobeto erantzuteko.
Ordenantzak zehazten du zer baldintza bete behar dituzten taberna, jatetxe eta dendariek eremu publikoa okupatzeko terrazekin, mahaiekin edo jarduera komertzialari lotutako bestelako elementuekin.
Ordenantzaren edukia herriko ostalaritzako ordezkariekin landu du Udalak, bilera ugari eginez eta kontu asko haiekin adostuz. Ondoren, aho batez onartu du Udalbatzarrak eta, erakusketa publikoan egon eta gero, dagoeneko indarrean dago ordenantza. Hemen kontsultatu daiteke:
Terrazen ordenantza berria (PDF)
Menuak eta kartelak, euskaraz
Ordenantzak hainbat betebehar ezartzen dizkie eremu publikoa okupatzen duten ostalariei, eta horien artean dago, lehenbiziko aldiz, euskararen erabilerari buruzkoa. Honela arautzen du kontu hau ordenantzak, hitzez hitz, 7. artikuluan:
«Okupatutako eremuan jendearen eskueran eta bistan jartzen diren elementu guztiak (menuak, prezioen zerrendak, kartelak, eskaintzen oharrak, arbeletako oharrak…) euskaraz idatziko dira (beste hizkuntza batzuetan ere idatzi daitezke).
Elementu horiek hizkuntza bat baino gehiagotan jartzen badira, euskarari lehentasuna emango zaio (hurrenkeran, tamainan…)»
Arau hori nahitaez bete beharrekoa da, gainerako guztiak bezalaxe.
Ordenantza honen bidez, besteak beste, herriaren nortasun linguistikoari balioa eman nahi dio Udalak. Orioko Biziberritze Planak jasotzen du herri euskaldunaren izaera indartu eta proiektatu behar duela Udalak, eta merkataritza eta ostalaritza alorreko establezimenduek bereziki zaindu behar dute kontu hori.