Irailaren 15ean irekiko da Saregile, Orioko Emakumeon* Etxea, Pilliku plazan

 

Saregile, Orioko Emakumeon* Etxeak irailaren 15ean, ostiralarekin, zabalduko ditu ateak. Orain arte Orioko Emakumeon* Ahalduntze Eskola kudeatzen zuen elkarte berak, Pertzetik Elkarte Feministak, kudeatuko du proiektu hau ere. Eraikina egokitzeko eta txukuntzeko lanak egin dira azken hilabeteetan, eta espazioa martxan izango da irailaren erditik aurrera.

Irekiera ospatzeko, 18:00etan jarri dute hitzordua, eta ilusio handiz dei egin diete oriotarrei jai-giroan elkartu eta parte hartu dezaten.

«Mugimendu feministatik beti amestu dugu Orion Emakumeon* Etxea izatearekin, behar gisa identifikatuta genuelako», azaldu zuten Ahalduntze Eskolako arduradun Aizpea Esnaolak eta Miriam Garciak, otsailean. «Herriko emakume guztiok indarrak batzeko espazio bat izango dugu azkenean, jendarte parekide baterako bidean, aurrera egiteko topagunea. Bestalde, bakardadeak emakume aurpegia du, eta dinamika horrekin haustea da gure helburuetako bat. Saretzearekin lotuta, harreman berriak sortu eta familia osatzeko espazio bat eskaini nahi dugu», nabarmendu zuten orduan.

Horrenbestez, Pilliku plazako Iturriaga Jauregian izango dute bilgunea aurrerantzean, ordutegi honetan: astelehenetik ostegunera 09:30-13:00 eta 16:00-19:00 artean, eta ostiraletan 09:30-13:00 artean.

«Askotariko emakumeak daude herrian eta guztien ahotsak jaso nahi ditugu; izan ere, proiektu honetan emakumeak* dira eta gara subjektu aktiboak. Etxearen martxa erabiltzaileen beharren eta eskaeren arabera moldatzen joango gara», azaldu dute.

Udazkeneko programa

Egoitza berriarekin batera, udazkeneko jarduera-programa ere iragarriko dute datozen egunetan. Hainbat dira Saregilek modu jarraian zein puntualki eskainiko dituen tailer, emanaldi eta zerbitzuak, eta horien artean, hauek jarriko dira martxan datozen asteetan:

  • Irakurketa-taldea. Zabaldu berri dute izen-ematea.
  • Aholkularitza juridikoa, Macarena Mujika Urbistondorekin (Irule Abokatuak).
  • Bidelaguntza psikologikoa, Leire B. Murgialdairekin.
  • Indarkeria matxista egoeran dauden emakumeentzako* aholkularitza, Saregileko kudeatzaileekin.

Horrez gain, 2022az geroztik aldiro elkartzen den Orioko Emakumeen* Mahaia ere kudeatzen du Saregilek, eta taldearekin bat egiteko deia egin diete Esnaolak eta Garciak herriko emakumeei*, herrian berdintasunaren alorrean eragin ahal izateko.