Herrio natur taldeak eta bi ikastetxeek jostailuen eta euskarazko liburuen truke-azoka antolatuko dute aurten ere. Ekimena abenduaren 14an izango da, larunbatarekin.
Herritarrei dei egin diete etxean erabiltzen ez dituzten edo behar ez dituzten liburu eta jostailuak eraman ditzaten, horiei erabilera berri bat emateko. Euskara, trukea eta berrerabilpena sustatzea ditu helburu ekimenak, eta gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea.
Aurrena, bilketa; gero, truke-azoka
Bihar, azaroak 29, egingo dute liburu eta jostailuen bilketa: 16:00etan Zaraguetan eta 16:30ean Ikastolan. Abenduaren 13an, berriz, ostiralarekin, Herriko Plazan izango dira 17:00etatik 19:00etara, jendeak eraman nahi dituen liburu eta jostailuak jasotzeko.
Azoka abenduaren 14an izango da, larunbatarekin. 10:30etik 14:00etara izango da, Herriko Plazan. Egun horretan ere eraman daitezke jostailuak eta horiek azokan daudenekin trukatzeko aukera izango dute herritarrek.
Liburuek bete beharreko baldintzak:
- Liburuek euskarazkoak izan behar dute (haur, gazte zein helduen liburuak).
- Egoera onean eta osorik egon behar dute.
- Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira.
Jostailuek bete beharreko baldintzak:
- Jostailuek osorik egon behar dute, egoera onean, norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez da jasoko.
- Azoka egunean, 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.
- Ahal dela, indarkeria sustatzen duten jostailuak edo/eta sexu-bereizketa bultzatzen dutenak ez ekartzeko eskatzen zaie herritarrei.
- Azoka amaitutakoan, inork eraman ez dituen jostailuak eta liburuak irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko dira
Truke-sistema
Liburuen kasuan, utzitako liburu bakoitzagatik berde koloreko txartela jasoko du herritarrak, azokan beste liburu batekin trukatzeko.
Jostailuak, ordea, hiru koloreren arabera sailkatuko dira: horia, urdina eta gorria. Gorri eta urdin koloreekin sailkatutako lehen bi jostailuen truke, kolore bereko bina txartel jasoko dituzte herritarrek. Hortik aurrerako jostailuen truke, aldiz, kolore zuriko txartelak jasoko dituzte. Eta hori koloreko jostailuen kasuan, jostailu adina txartel jasoko dira.
Kolore gorri, urdin eta horiko txartelak azokak irauten duen denbora guztian aldatu ahal izango dira, hau da, 10:30etik 14:00etara. Txartel zuriak, ordea, 11:30etik aurrera soilik trukatu ahal izango dira. Horrela, jostailuak ekarri dituen jende guztiak gustuko jostailuren bat lortzeko aukera bermatu nahi dute antolatzaileek.