Kalean utzita dauden bizikletak jasotzeko neurriak hartuko ditu Udalak datozen asteetan

Orioko Udaltzaingoak asteak daramatza herriko bizikletentzako aparkalekuetan eta hiri-altzarietan lotuta dauden bizikleten kontrola egiten, asko baitira leku berean lotuta asteak daramatzaten ibilgailuak. Horregatik, bizikleten zirkulazioa sustatzeko eta hiri-altzarien erabilera egokia bermatzeko, neurriak hartuko ditu Udalak datozen asteetan.

Hiri-altzariei lotutako bizikletak

Herriko bankuetan, barandetan, posteetan… lotuta dauden bizikletak oztopo bat dira altzari horiek erabiltzeko eta oinezkoen zirkulaziorako. Horregatik, ibilgailu horiek jasotzeko ardura dute udaltzainek, eta zuzenean eramaten dituzte biltegira.

Aparkalekuz mugitzen ez diren bizikletak

Udalak bizikleten erabilera sustatzeko neurriak hartu ditu azken urteetan, eta besteak beste, bizikletentzako aparkaleku gehiago jarri ditu herriko hainbat gunetan. Horietako batzuetan, dena den, abandonatutako bizikletak egoten dira maiz, eta ez dute ibilgailuen errotazioa edo mugimendua ahalbidetzen. Ondorioz, bizikleta egunerokoan erabiltzen duten herritarrek ez dute lekurik izaten berea aparkatzeko.

7 eguneko epea

Arazo horiei konponbide bat emateko, udaltzainek ohar bat jarriko diete hiri-altzarietan lotuta dauden edo bizikletentzako aparkalekuetan abandonatuta dauden bizikletei. Eta ohar horretan zehaztutako egunera arteko epea izango dute erabiltzaileek (7 egun), bizikleta bertatik kentzeko edota lekuz aldatzeko.

Epe horretan bizikleta ez bada mugitzen, udaltzainek erretiratu egingo dute eta biltegian jaso.

Ondoren, jabeek aukera izango dute Udaltzainen bulegora joan eta bizikleta erreklamatzeko, baina ezinbestekoa izango da bizikletaren jabeak direla ziurtatzen duen agiriren bat erakustea.

Hain zuzen, prozesu hori errazago egiteko aukera ematen du Udalak martxan jarritako bizikleten erregistroak, eta herritarrak animatu nahi ditu beren bizikletak erregistratzera.

Hesietan lotutako bizikletak

Bestalde, Udalak herritarrei gogoratu nahi die debekatuta dagoela bizikletak hesietan lotzea. Hesi horiek lanerako erabiltzen dituzte udaltzainek, trafikoa bideratzeko edo oinezkoen pasabidea mugatzeko, eta une batetik bestera jarri eta kendu behar izaten dira.