Udalak maiatzean aurreratu zuen bezala, kultur etxeko igogailua berrituko du, dagoena oso zaharra delako eta ez duelako bermatzen herritar guztien irisgarritasuna. Lanek sei aste iraungo dute, baina lehen bietan egingo dira lanik handienak. Horregatik, kultur etxeko zerbitzu guztiak bi astez itxiko dira gutxienez: urriaren 9tik 22ra.
Egun horietan ezingo da liburutegira sartu eta mailegu berririk egin, ezta ikastarorik edo kultur ekitaldirik antolatu ere. Horregatik, liburutegian maileguren bat eginda daukanari automatikoki luzatuko zaio itzulera epea urriaren 30a arte, eta ez da kultur jarduerarik programatu hilabete amaiera arte.
Igogailuko lanak espero bezala baldin badoaz, urriaren 23an zabalduko dira zerbitzu guztiak. Barkatu eragozpenak.