Kultur etxeko igogailua aldatzeko lizitazioa deitu du Udalak

 

Kultur etxeko igogailuak 30 urte inguru ditu, eta azken urteetan izandako matxurak konpontzeko, oso zaila izan da ordezko piezak lortzea. Gainera, Orio Denontzat irisgarritasun plana lantzen ari den lantaldeak igogailu hori aldatzeko eskaera egin zion Udalari: gurpil-aulkiak oso justu kabitzen direlako, eta aulkiaz gain, ez delako beste pertsonarik kabitzen. Horregatik, igogailu berria jartzeko lehiaketa publikoa deitu du Udalak.

Eraikin publikoetarako gomendatu bezala, 8 lagunentzako edukiera izango du igogailu berriak, eta 45.500 euroko kostua izango du hura muntatzeak. Deialdi publikoa zabaldu berri da, eta maiatzaren 11ra arteko epea egongo da proposamenak aurkezteko. Ondoren, bi hilabete inguru beharko dira hornikuntza- eta prestaketa-lanak egiteko, eta igogailua muntatzeko lanek hiruzpalau asteko iraupena izango dute.

Skate-parkearen lizitazioa, zabalik

Kultur etxeko igogailuaren lizitazioa ez ezik, aste honetan skate-parkea eraikitzeko lanen deialdia ere zabaldu du Udalak. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 29an bukatuko da. Lanek hamasei asteko iraupena izango dute, aurreikuspenen arabera.

Apirilaren hasieran iragarri bezala, proiektua herriko erabiltzaileekin adostu du Udalak, eta horrelako instalazioak eraikitzen espezializatuta dagon Javier Labad arkitektoak egin du. Egungo parkea eta diseinu berria uztartzen ditu nolabait proposamenak.