Langile talde baten garaipena

Ligako txapeldun zarete, neskak. Donostian, Coruñan, Orion, Zierbenan, Getxon, Lekeition, Hondarribian, Getarian, Ondarroan, Castron eta Zarautzen astindu duzue bandera eta herri oso bat aztoratu hartutako olatu bakoitzean.

Oso pozik gaude uretan erakutsi duzuen mailarekin, baina are eta harroago, banderak beste aldera joan direnean, erakutsitako jarreraz. Gogora ekarri nahi dut gaur urtebeteko irudia. Iaz, aurkariak txalotzea tokatu zitzaizuen Zarautzen. Zuen erabakiz txalotu zenituzten txapeldunak. Berriak dira keinu horiek arraun munduan, jendeaurrean behintzat. Eredu ezin hobeak zarete.

Handia da arraunak ematen diguna eta izugarria nesken traineruak urtez urte izan duen bilakaera. Zailtasunez beteriko garaietan hasi zirenetatik, gaur arte lanean aritu zareten guztiok egin duzue hau posible, eta gaur txaloka ari diren asko, etorkizunean tostartean ikusteko ilusioz gaude, posible dela ikusarazi diguzuelako. Herriak gaur eskainitako berotasuna gogoan izan dezazuela entrenamendurik gogorrenetan edo gauzak ongi ateratzen ez direnean. Eta guk ere jakin dezagun talde honen lana balioan jartzen.

Bide batez, besarkada bat bidali nahi nieke Donostia Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Donostiarrako neskei. Asko gozatu dugu traineru ligan eskainitako ikuskizunarekin

Gaur ospatu, ondo ospatu. Bihartik aurrera bizpahiru asteko lana duzue aurretik. Zuen lana da gure bandera. Konfiantza osoa daukagu zuengan eta oso harro gaude. Zorionak eta eskerrik asko neskak, aupa Orio!

Anuska Esnal Oliden, Orioko alkatea