Larraitz Lopetegik eta Alex Barrancok irabazi dute Balearen Eguneko kartel-lehiaketa

Maiatzaren 16ko Balearen Eguneko kartela aukeratzeko lehiaketa martxan jarri zuen udalak otsailean. Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, ehundik gora lan jaso ditu Udalak, 18 urtez azpiko eta helduen kategorietan. Bada, epaimahaia asteartean bildu zen lanak baloratzeko eta irabazleak aukeratzeko, eta hauek dira talde bakoitzeko irabazleak:

  • Helduak: Larraitz Lopetegi
  • Haur eta gaztetxoak: Alex Barranco

Oinarri arautzaileetan zehaztu bezala, helduen taldeko irabazlearena izango da aurtengo Balearen Eguneko kartela. Sari modura, 300 euroko diru-saria eta 150 euroko bonu bat jasoko ditu, bigarren hori herriko establezimenduetan gastatzeko. Lopetegiren lanaren inguruan, epaimahaiak azpimarratu ditu diseinuaren soiltasuna eta kutsu modernoa, eta elementu oso gutxirekin kartel ederra sortu izana.

Haur eta gaztetxoei dagokionez, irabazleak 100 euroko diru-saria jasoko du, eta 100 euroko bonua ere bai herriko establezimenduetan erosketak egiteko. Barrancoren lanean, aldiz, Orioko elementuak kartelean dotore txertatu izana jarri du balioan epaimahaiak, ilustrazioaren bidez herriaren izaeraren parte bat islatuz.

Epaimahaia Orioko alkateak, bi udal taldeetako bi zinegotzik eta Orioko artista batek osatu dute. Bukatzeko, Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartzaile guztiei, lanak sortzeko denbora hartzeagatik. Balearen Egunari begira, parte hartzaileen lan guztiak ikusgai jartzeko modua aztertzen ari da Udala.