Lourdes Del Hoyo erail zuten bankua morez margotuko dute Emakumeen* Mahaiko kideek

 

Maiatzaren 16an Orion izandako hilketa matxistak herri guztia shock egoeran utzi zuen eta, geroztik, Lourdes erail zuten bankuan herritarrek loreak, kandelak eta oroitzapen mezuak utzi dituzte bera oroitzeko eta hilketa gaitzesteko. Ia bi hilabete pasa dira gertakari bortitz horretatik eta Orioko Emakumeen* Mahaiak erabaki du bankua morez margotzea eta ondoan liburuen trukaketarako etxetxo bat jartzea. Uztailaren 7an, ostiralean, arratsaldean margotuko dute bankua.

Lourdes oso irakur zalea zen eta espazio horretan liburuak irakurtzeko eta trukatzeko txoko bat sortu nahi da bere omenez. Horrez gain, bankua morez margotuko da egiturazko emakumeen kontrako indarkeriak gure artean jarraitzen duela ikustarazteko.

Etxetxoan hainbat liburu utziko dituzte Emakumeen* Mahaiko kideek, eta herritarrak gonbidatzen dituzte liburuak bertan utzi eta hartzera.

Erreparazio fasearen itxiera

Hilketaren hurrengo egunean erreparazioari ekin zion herriak eta, fase horren barruan Entzuteko Gunea jarri zen martxan Sortzen aholkularitzaren eskutik. Fase horri itxiera emateko, azken saioa egingo dute uztailaren 7an, Entzuteko Gunean amaiera arte egon diren herritarrekin.