Maiatzaren 7an ekitaldi ugari izango dira herrian

Larunbat honetan, maiatzak 7, ekitaldi ugari hartuko ditu Oriok eta, ondorioz, jende asko elkartuko da, bereziki plaza inguruan.

SARE Herritarren Sareak Etxerako bidea saretzen izeneko martxak antolatu ditu larunbat goizerako, eta Orio izango da topagune. Egun osoan hainbat jarduera egingo dituzte Herriko Plazan eta Ikastola aurrean.

Arratsaldean, Danbolin Musika Eskolako ikasleen txanda izango da. DanbolinFest jaialdia 16:00etan hasiko da dantzarien kalejirarekin, eta hau izango da programa:

  • 16:00etan dantzarien kalejira herrian barrena.
  • 17:00etan instrumentu-taldeen ekitaldia Herriko Plazan.
  • 18:00etan txokolate-jana Herriko Plazan.
  • 18:15ean karaokea Herriko Plazan.

Azkenik, iluntzeko 19:30ean, Mende bete arraunean eta bertsotan 2001eko ikuskizunaren proiekzioa eta ekitaldia izango dira Arraunetxen. Gonbitak eskuragai daude online eta kultur etxean.