Martxoaren 19an bukatuko da epea Balearen Eguneko kartel-lehiaketara proposamenak bidaltzeko

Usoa Zulaikak 2022ko Balearen Egunerako egin zuen kartela.

Datorren maiatzaren 16an, larunbatarekin, Balearen Eguna ospatuko da, eta kartela osatzeko, kartel-lehiaketa antolatu du Udalak bigarrenez. Lanak aurkezteko epea otsailaren 16an zabaldu zen, eta lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 19a izango da, osteguna.  

Udalak otsailean kaleratu zuen ohar honetan daude ikusgai deialdiaren oinarriak. 

Bi multzo bereiziko dira: gaztetxoena, 18 urtetik beherakoentzat, eta helduena, 18 urtetik gorakoentzat. Helduen saileko irabazlearena izango da 2026ko Balearen Eguneko kartela. Irabazleak 300 euroko diru-saria jasoko du, eta horrez gain, 150 euroko bonua izango du herriko establezimenduetan gastatzeko. Gaztetxoen irabazleak, aldiz, 100 euroko diru-saria jasoko du, eta 100 euroko bonua emango zaio herriko establezimenduetan gastatzeko.

Bidalketa egiteko bi bide

Kartelak prestatu dituzten herritarrek bi modu dituzte proposamena udaletxera helarazteko:

AURREZ AURRE

Udaletxeko harreran entregatu daiteke lana, gutunazal batean sartuta, 8:30-14:30 ordutegian. Gutunazalaren kanpoan kategoria zehaztu beharko da, eta barruan, irudiaz gain, bigarren gutunazal txikiago bat sartu beharko da, egilearen datu hauekin:

  • Egilearen izen-abizenak
  • Telefonoa
  • Posta elektronikoa
  • NAN zenbakia
  • Kategoria (Helduena ala Gaztetxoena)

ERREGISTRO ELEKTRONIKOAREN BIDEZ

1. Sartu Orioko Udalaren egoitza elektronikoan eta aukeratu ‘Erregistroan alta eman’ aukera:

2. Sakatu ‘Online tramitazioa hasi’

3. Erregistratu BAKQ edo ziurtagiri digitalen bat erabilita.

4. Lehen aldia bada, egin lehen erabiltzaile erregistroa eta bete zure datuak.

5. Bete interesdunaren datuak eta atxiki eskatutako dokumentuak 3. atalean.

6. Atxiki kartel lehiaketara aurkeztu nahi den artxiboa, ahal dela, PDF formatuan.

7. Bukatutakoan, sakatu ‘Irakurri dut eta onartzen dut’ laukitxoa, eta eman ‘Sinatu eta bideratu’ botoiari.