Urtero bezala, Orio udal-kanpinak azaroko bigarren asteburuan bukatu zuen denboraldia, Behobia-Donostia lasterketarekin batera. Eta udaberria iritsi aurretik zabalduko da berriro, martxoaren 1ean. Igerileku berria eraikitzeko lanak abiatu ditu Udalak tarte horretan; lanek martxa ona daramate eta udarako bukatuko dira.
Orioko udal-kanpinaren okupazio-datuak oso antzekoak izan dira azken denboraldietan. Beheko irudietan ikusi daitezke partzela eta bungalow-en okupazio-datuak:

Datuek argi erakusten dute uda garaia dela okupazio handieneko aldia, uztailean eta abuztuan erabat beteta egoten baita kanpina (partzelak %99,1ean eta bungalow-ak %95,16an). Udalak 2022an aurkeztu zuen Biziberritze Planean jasotakoaren arabera, ordea, Udalaren helburua turismoa desestazionalitzea da, hau da, denboraldi ertaineko okupazioa handitzea eta, aukera balego, kanpina ia urte osoan zabalik mantentzea.
2024-2027 inbertsio-plana
Helburu hori jomugan, udal-arkitektoak eta kanpineko zuzendariak inbertsio-plan berri bat landu dute 2024-2027 aldirako. Kanpinean egindako azken inbertsio nagusia 2012an egin zen: 1.740.000 euro inbertitu ziren 34 bungalow jartzeko, plaza berriak sortzeko eta kanpineko azpiegiturak berritzeko. Inbertsio hori 10 urteko epean amortizatu zuen Udalak, eta kanpinak etekinak ematen jarraitzen du geroztik.
Orain, 2024-2027 aldiko inbertsio-planean, beste egokitzapen batzuk jaso ditu Udalak. Horien artean lehentasunezkoena igerilekuari dagokiona da. Izan ere, igerilekuko instalazioak erabat berritzeko beharra ikusten zuten arkitektoak eta kanpineko zuzendariak txostenean. Igerilekua izatea nahitaezkoa da kanpinak daukan kategoriari eusteko, eta gaur egungo igerilekuak etengabe sortzen ditu arazo teknikoak. Horren aurrean, bi aukera hauek aztertu ditu Udalak:
- Igerilekua berritzea, dagoen tokian mantenduta.
- Igerilekua lekuz aldatzea, eta etorkizunean estali ahal izateko aukera edukitzea.
Igerilekuaren erabilera-datuak aztertuta, bigarren aukeraren alde egin du Udalak; gaur egungo igerilekua itzaletan dago, leku heze batean, eta, oro har, erabiltzaile gutxi izaten ditu. Igerileku berria, ordea, gune eguzkitsu batean kokatzeaz gain, ura berotzeko sistema izango du, eta horrek denboraldia luzatzen eta kanpineko turismoa desestazionalizatzen lagunduko du. Horrez gain, igerilekuari forma biribila ematea erabaki du Udalak, etorkizunean estaltzeko aukera izateko.

Igerileku berriaren ezaugarriak
Igerileku berriak bi eremu nagusi izango ditu: alde batetik, splash gunea, ur jolasak eskaintzen dituena haurrentzat, eta, bestetik, igerileku biribila. Bigarren horretan irisgarritasuna bermatuko da, eta hainbat jolas izango ditu. GukOriori atarian ikusi daitezke proiektuaren planoak. Horrez gain, igerilekuko instalazioen gela gaur egungo eraikinari erantsita eraikiko da.

Lanen martxa
2024ko irailaren hasieran amaitu zen epea igerilekua eta ur-parkea eraikitzeko proiektuak aurkezteko, eta proposamen bakarra aurkeztu zen deialdira, Alpe Plus SL enpresak egindakoa. Iazkoa hirugarren deialdia izan da, 2022an eta 2023an egindako beste bi lizitazioetara ez baitzen proposamenik aurkeztu. Udalbatzarrak urrian onartu zuen obren kontratazioa, 1.022.000 euro + BEZeko aurrekontuarekin.
Lanak urte bukaeran hasi zituzten, obraren zatirik konplexuenak kanpina itxita dagoen bitartean egiteko. Horretan ari dira orain, eta martxoaren 1ean, larunbatarekin, zabalduko da kanpina. Igerileku berria aurtengo udan martxan izatea aurreikusten du Udalak.