Orioko Udalak martxan jarri du merkataritza-planaren egitasmoa, sektorearen diagnosi bat egiteko herrian. Dendartean elkarteak egingo du azterketa, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak, eta dagoeneko hasiak dira kontsumitzaileei inkestak egiten, herriko eskaria aztertzeko. Datozen egunotan, hurrengo faseari ekingo diote: herriko merkatariekin bilduko dira, jasotako informazioa kontrastatzeko eta haien ikuspuntua jasotzeko.
Aldez aurretik, ordea, hurrengo asteartean, hilaren 11n, merkataritza-planaren nondik norakoak azaltzeko bilera irekia egingo dute dendari, ostalari eta zerbitzu enpresekin; kultur etxean izango da, 14:30ean.
Planaren helburua da herriko denden, zerbitzuen eta ostalaritza-establezimenduen egoeraren diagnosia egitea, ekonomia zirkularra bultzatzeko.Udalak herriko merkatariekin elkarlanean aktibatu du plana, Arkupe elkartearen laguntzarekin.
Azterketaren emaitza udazkenerako prest izan nahi du Udalak, eta hortik abiatuta, herriko merkataritza indartzeko neurriak hartzea izango da helburu nagusia.
Horrez gain, asmo hauek ere baditu proiektuak: herriko establezimenduen irisgarritasuna eta kontsumitzaileen fluxuak aztertzea; herrian negozio berriak jartzeko dauden aukerak lantzea, lokal hutsen erabilera sustatzeko; eta belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko bide-orri bat garatzea. Izan ere, zenbait merkatari erretiroa hartzeko adinean egongo dira laster, eta negozioek jarraitu ahal izatea bultzatu nahi du Udalak.