Larunbat honetan, urriak 15, moda izango da protagonista nagusia herrian. Orioko eta inguruko moda-diseinatzaileen balioa nabarmentzea eta herritarrei haien lana ezagutaraztea ditu helburu Gure Altxorrak ekimenak. Nikolas Iriondo, Rosa Atorrasagasti eta Jon Alkain gazte oriotar ekintzaileak daude proiektuaren atzean, eta egun osoko programa prestatu dute.
Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua ikasten duten Iriondo eta Atorrasagastik Kea Team Company eta Khaos Team Company izeneko proiektuak abiatu dituzte ikaskideekin, hurrenez hurren. Ikasketa-programa horren baitan sortu dituzte enpresak, eta haien bidez, Orioko modaren alorreko sortzaileei bultzada ematea erabaki dute.
Alkainekin elkarlanean, Gure Altxorrak ekimenari forma eman diote, garai bateko Fashion Week programa berreskuratzeaz gain, sortzaileei ere indarra emateko. Egitasmoak Udalaren babesa jaso du.
Egun osoko programa prestatu dute larunbat honetarako, Herriko Plazan:
- 10:30 – Sortzaile bakoitzak bere postua jarriko du. Haien jantziak ikusteko eta erosteko aukera izango da.
- 11:30-13:00 – Haurrentzako tailerrak egingo dituzte, erabilitako arropari bigarren bizitza bat emateko.
- 16:00-18:00 – Haurren sorkuntzak erakutsiko dituzte, eta onenak sarituko dira.
- 20:00 – Moda-desfilea, ekimenean parte hartuko duten lau sortzaileekin.
Lau sortzaileren lanak badira ere, bost izango dira desfilean ikusgai izango diren arropa-markak:
- Soia Bridal eta Lama The Label (Goiuri Unanue oriotarraren markak)
- Ione Iruretagoiena (izen bereko sortzaile zubietarrarena)
- Darrk (Markel Velez zarauztarrarena)
- Ural (Jon Alkain oriotarrarena)